AlbisteakInprimatu

BASO ZIURTAGIRIARI BURUZKO JARDUNALDI NAZIONALA

BASO ZIURTAGIRIARI BURUZKO JARDUNALDI NAZIONALA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilari Begoña Sanzberro Iturririak parte hartu du gaur Bertizko Jaurerrian egin den Eskualde mailako Ziurtagiri eta Planifikazioari buruzko Jardunaldi Teknikoan. PEFC Españak antolatutako topaketa honetara hamabi autonomia erkidegotako baso-kudeaketaren ordezkariak etorri dira. Helburuak izan dira baso ziurtagiriaren beharra baloratzea, Espainiako egoera aztertzea eta mendiei ziurtagiriak eskala handiagoan ematea ahalbidetuko duten planifikazio tresnak bilatzea.
Bere hitzaldian, Sanzberro kontseilari andreak nabarmendu du Nafarroa Espainiako buru dela baso antolamenduan eta ziurtagirian. Zehatz-mehatz, titulartasun publikoa eduki eta produkzio-mendiak diren guztiak praktikoki antolamenduaren barnean daude jadanik, eta, ziurtagiriari dagokionez, basoen %27,32 (136.384 hektarea) PEFC sistemaren bitartez kudeatzen dira. Eta horri esker beren iraunkortasuna bermatuta dago.

Nafarroa, baso ziurtagiriaren sistemetan buru

PEFC ziurtagiriak exijitzen du basoa modu planifikatuan, antolatuan eta teknikoan kudeatzea. Kudeaketa iraunkor egoki bat oinarrizko elementua da basoen irautea bermatzeko, bai eta bere funtzioak epe luzean optimizatzeko ere. Honi dagokionez, Begoña Sanzberrok gogoratu du "mendien antolamendua oinarria dela baso ziurtagirirako eta Nafarroa gai honetan buru izateko arrazoia". Nafarroako lehenbiziko baso ziurtagiriak 2005. urtean lortu ziren, Urbasa eta Aralar mendietan egin zen proiektu pilotu bati esker. Hark ahalbidetu zuen bertako basoek ziurtagiria jasotzea, PEFC eta FSC sistemen bidez. 2006an, Zuraren Mahaiak -Nafarroako baso sektorearen eragile nagusiak eztabaidatzeko eta elkartzeko foroa- bere lehentasunen artean ezarri zuen baso ziurtagiria bultzatzea jabeen eta industriaren artean, eta adierazi zuen PEFC sistema zela Foru Komunitatearen errealitateari hobekien egokitzen zitzaiona.

Guztira, ziurtagiria duen azalera 136.384 hektareakoa da, eta barne daude onura publikoko 127 mendi eta katalogatu gabeko 7 mendi. Ziurtagiria duten mendiak daude, gehienbat, Foru Komunitatearen iparraldeko erdian. Izan ere, horiek dira, zura ekoiztearen ikuspuntutik, interes handiena dutenak.

Ziurtagiria duen azalera Nafarroako basoen %27,32 da. Honek kokatzen du Nafarroa Espainiako batez bestekoaren gainetik (%6,99) eta beste erkidego batzuen aurretik: Errioxa (%27,30), Gaztela eta Leon (%14,93) eta Euskadi (%13,35).