AlbisteakInprimatu

BERTIZKO NATURAREN INTERPRETAZIO ZENTRO BERRIAREN INAUGURAZIOA

BERTIZKO NATURAREN INTERPRETAZIO ZENTRO BERRIAREN INAUGURAZIOA

Urriaren 10ean, ostirala, "la Caixak" eta Nafarroako Gobernuak Bertizko Naturaren Interpretazio Zentro berria aurkeztu zuten

* Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko Naturaren Interpretazio Zentroa sortu da interpretazio integralaren filosofia oinarri harturik. Basoko natur balioak nola zaintzen diren agertzeaz gainera, bisitariari erakusten dio parkean eta, oro har, Nafarroako baso guztietan egiten ari den basoaren kudeaketa integrala. Kudeaketa honek bi helburu batera lantzen ditu: natur espezieak babestea eta basoetatik datozen baliabideak iraunkorki aprobetxatzea.

* Pertsona guztien berezitasunak kontuan hartzeko helburu garbia du. Hori dela eta, zentro berriaren edukiak zentzumen-urrituei egokitu zaizkie. Gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez gainera, interpretazio zentroko gida braille sisteman argitaratu da. Era berean, ikus-entzunezko berriak azpitituluak ditu, entzuteko zailtasunak dituztenek gozatu ahal izateko.

* Ekimena ondoko bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren barnean dago: "la Caixaren" Gizarte Ekintza eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. Interpretazio zentroko erakusketako material osoa berritzea 303.600 euro kostatu da. Horien %80 "la Caixaren" Gizarte Ekintzak ordaindu du eta gainerakoa Nafarroako Gobernuak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilaria den Begoña Sanzberro Iturririak Naturaren Interpretazio Zentro berritua inauguratu du Bertizko Jaurerria Natur Parkean. Ekitaldian parte hartu dute parkeko zuzendariak, Fermin Olabek, eta "la Caixako" Negozio Alorreko zuzendariak, Javier Aramburuk. Bertizko Naturaren Interpretazio Zentroa goitik behera diseinatu da berriz, Natur Parkeko bisitariek alor honen historia, natura eta, bereziki, Bertizko Jaurreriak oinarri dituen baso sistemak kudeatzeko egungo filosofiak ezagutzeko. Ildo horretatik, interpretazio zentro integral gisa planteatu da. Bertizko Jaurerriko natur balioak ez ezik, natur ingurune honetan egiten den kudeaketa ere azaltzen da. Erakusketa berriak zehatz-mehatz azaltzen du basoak modu integralean nola kudeatzen diren, naturaren prozesuak errespetatuz, bere baliabideak baliatuz eta bertako aniztasuna zainduko dela bermatuz. Zentroko altzari guztiak -bankuak, apalategiak, aulkiak eta botilategiak- egin dira ziurtagiria duen zurez, Nafarroako basoetatik ekarritakoaz, hain zuzen. Erakusketa didaktikoa eta elkarreragilea Azalpen guztiak didaktikoak dira. Bisitaria elkarreraginean aritzen ahal da erakusketako elementuekin. Erakusketak Tenientetxea baserriko hiru solairu hartzen ditu. Lorategi historiko artistikoaren barnean dago baserri hau. Erakusketak hiru atal ditu. Lehenengo atalean, bisitariak basoei buruzko oinarrizko ideia batzuk jasotzen ahal ditu. Ideia hauek bazter batean uzten dituzte herritarren uste oker batzuk, esaterako, Nafarroako basoen zabalera murrizten ari dela -aitzitik, basoak barreiatzen ari dira- edo soilguneak zuhaiztiak bezain onuragarriak direla. Jarraian, natur parkearen historiaren gaineko oinarrizko datu batzuk agertu eta bertako orografia, klima eta geologia balio bereziak azaltzen dira. Erakusketaren bigarren atalak basoaren kudeaketa integrala jasotzen du. Bertizko basoa pagadia eta hariztia da gehienbat. Basoaren zaintza eta bertako baliabideak zentzuz erabiltzea nola bateratzen ahal diren azaltzen da. Azkenik, hirugarren solairuan ikus-entzunezko bat proiektatzen da, lau pantailatan, interpretazio zentro honetarako berariaz sortua. 18 minutuan gogorarazten dira lehenago azaldu diren funtsezko alderdiak. Bai ikus-entzunezkoa, bai gida, bisitariek bisita sakonagoa izan dezaten argitaratu dena, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez egin dira, eta zentroan bertan eta Nafarroako Gobernuko Argitalpen Fondoan erosten ahal dira. Gainera, bereziki zaindu da zentroa pertsona guztietarako izatea, hau da, zentzumen edo mugimendu mugatuak dituzten pertsonek gozatu ahalko dute erakusketa. Hartaz, ikus-entzunezkoak azpitituluak ditu, entzuteko zailtasunak dituzten pertsonek aditu ahal izateko; gidaren bertsio bat dago itsuendako; eta oztopo arkitektonikoak kendu dira. "la Caixa" Gizarte Ekintzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmena Bertizko Naturaren Interpretazio Zentroa erabat berritzeko egin diren jarduketek 303.600 euroko aurrekontua izan dute. Horietarik 243.600 euro "la Caixak" jarri ditu, eta gainerako 60.000 euro horiek Nafarroako Gobernuak. Ondoko bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenak jasotzen du ekimena: la Caixaren Gizarte Ekintza eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. Hitzarmen honi esker, finantza entitateak 3,6 milioi euroko inbertsioa ziurtatu du hainbat jarduketetan, bi helburu hauek aitzinatzeko: alde batetik, Nafarroako natur ingurumena hobetzea eta zaintzea eta, bestalde, gizarteko bazterkeria pairatzeko arriskua duten taldeei lanean hasteko bultzada ematea. Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko ingurunean soilik, hitzarmen honen indarraldiaren lehenengo bi urteetan egindako jarduketen balioa 470.000 eurokoa da. Horietariko bat da parkera sartzeko 1848an eraiki zen zubia erabat berritzea eta, bigarrena, zentzumen ibilbide bat sortzea jaurerriko lorategi historiko artistikoan. Zidor honek, duela urtebete inauguratuak, interpretatzeko elementu desberdinak ditu, 5 zentzumenez parkea esperimentatzea ahalbidetzen dutenak.

Parque Natural Señorío de Bertiz

Parque Natural Señorío de Bertiz

Parque Natural Señorío de Bertiz

Parque Natural Señorío de Bertiz

Parque Natural Señorío de Bertiz