Iberiar penintsulan bizi diren okilen zazpi espezieak hartzen dituen toki bakarra da Espainian Bertizko Jaurerriko Natur Parkea. Hain zuzen ere, ondorio horixe atera dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra SA (GAVRN) enpresa publikoak egin duten errolda baten bidez.
Jaurerriko Patronatuak gaur egin duen bileran aurkeztu dute ondorio hori. Bileraren buru Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilari Begoña Sanzberro Iturriria izan da, eta horrez gain Nafarroako Gobernuko ordezkariek, toki erakundeetakoek eta naturaren defentsarako elkarteetakoek parte hartu dute. Bilkura horretan, natur parkeko Erabili eta Kudeatzeko III. Plan Zuzentzailean aurtengo aurreikusita dauden ekintzak aztertu dituzte -horiek gauzatzeko 652.000 euroko aurrekontua dute-, bai eta plan horretako aurreneko bi urteetan gauzatu dituztenak ere, 2008an eta 2009an.
Plan horretan aurreikusitako helburuetako bat pizidoen edo okilen populazioari buruzko informazioan sakontzea da, eta, horrenbestez, Ingurumeneko Departamentuko basozainei eta GAVRN enpresako langileei hegazti horien gaineko errolda bat egiteko agindu zieten. Orain, azterketako emaitzen arabera, penintsulan bizi diren okilen zazpi espezieak hartzen dituen toki bakarra Espainian natur parke hau dela dakigu. Jaurerriko basoak dituen 2.052 hektareen osasun onaren adierazle da hegazti mota hau, pizidoak baso helduetan baino ez baitira bizi, itxura handiko zuhaitzak eta ongi zainduak dituzten basoetan, hain zuzen.
Pizidoen zazpi espezie horietatik bi "galzorian" dauden espezie gisa daude katalogatuta Nafarroan. Bata okil ertaina da, eta, gutxienez, 15 bikote daude; eta bestea okil gibelnabarra da. Espainian okil gibelnabarraren 68 bikote besterik ez dago, eta horietatik bi Bertizen bizi dira. Beste espezieetako bat okil beltza da. Gutxienez, 5 bikote ikusi dituzte, eta"espezie kaltebera"gisa dago katalogatuta. Beste lau espezieak ugariago ageri dira, eta okil txikia, lepitzulia, okil handia eta okil berdea dira.
AlbisteakInprimatu
Errolda baten arabera, penintsulako okilen zazpi espezieak hartzen dituen toki bakarra da Bertiz Espainia osoan. Jaurerriko Patronatua 2010erako aurreikusitako ekintzak aztertzeko bildu da.






