Uztailak 15
Zugarramurdiko leizeetan bapo bazkaldu eta gero, Urdazubiko eliza bisitatu zuten. Horren ondoren, Ruta Quetzal osatzen duen talde osoa eta espedizionarioak Bertizko Jaurerriaren Natur Parkera abiatu ziren.
Talde guztiak gaueko 9:30ak aldera heldu eta Zabala Etxearen ondoko zelaietan kanpatu zuten. Bertan, Aiansoro erretenean freskatzeko aprobetxatu zuten batzuek.
Behin kokatuak zeudela, Ingurumen Departamentuak txokolatea eta ogi biribila eman zien afaltzeko zelaian bertan. Batek baino gehiagok errepikatu zuen.
Goiz joan ziren espedizionarioak lotara, neka-neka eginda zeuden eta. Gaueko tenperatura gozoak Zabala Etxearen atzeko basoan bibak egitera animatu zituen. Biharamunean basoaren erdian eta naturaren soinuez iratzarriko ziren.
Uztailak 16
Goizeko 6:30ak eta 7ak bitartean espedizionario talde bakoitzeko monitoreak bere gazteak iratzarri zituzten. Mikrofonoa baliatuz, egun ederraren berri eman zieten. Txorien kantuek eta goizeko freskurak guztiz iratzarri zituzten gazteak.
Gosaldu aurretik, ondo merezitako dutxa hartu zuten. Horretarako, Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek Ruta Quetzalekoek eramaten dituzten dutxarako andelak urez bete zizkieten.
Dutxaren ostean, Ingurumen Departamentuak esnea, txokolatea eta txantxigorri opilak eman zizkien gosaltzeko Zabala Etxeko kanpoko aldean.
Baina Ingurumen Departamentuak egindako opariak izan ziren Ruta Quetzaleko espedizionarioen poza piztu zutenak: bizkar-zorroak, paper-zorroak, margoak, "Zuhaitz bat landatzea mundu bat ereitea da" CDa eta, azkenik, txangozaleek gustukoen izan zutea: okilaren irudia duten elastiko urdin zein berde zoragarriak.
Ondoren, Fermin Olabe Bertizko Jaurerriaren Natur Parkeko zuzendariak ongi etorri beroa eman zien Lorategi Historikoan kokatua dagoen Jauregiaren ondoan. Bertan, Parkearen beraren eta Nafarroako basoen kudeaketaren gaineko hainbat ezaugarri azaldu zizkien. Une horretan bertan jakinarazi zien gaua Bertizko Jaurerriko basoan igarotzen zuen lehenengo taldea izan zirela.
Horrela, zazpi geldialdi eta hainbat azalpen dituen ibilbidea egin ahal izateko, espedizionarioak bederatzi taldetan banatu ziren. Talde bakoitza Ingurumen Departamentuko teknikari batek gidatu zuen. Espedizionarioek, horrenbestez, ondo antolaturik bisitatu zuten Parkea: batzuk lorategian zeuden bitartean, besteak basoan edo arrain-haztegian egon ziren.
Basoan zeudenek artzaintza, karea, egur-ikatza edo gaztainak bezalako produktu tradizionalak aztertu zituzten. Horretaz gain, Bertizko faunaren eta landarediaren hainbat sekretu ezagutu zituzten, hala nola zuraren, hau da, naturala, garbia, biodegradagarria eta berreskuragarria den material bakarraren erabilerak ikusi ere.

Gabriel Salaberri Oronoz-Mugairiko arrain-haztegiaren arduradunak bertan hazten dituzten izokinek egiten duten ibilbide luzea azaldu zien: leku horretatik abiatu eta bi negu igarota zortzi kilo gehiagorekin itzultzen dira.
Eguerdiko ordu biak inguru, Parkeko sarrera-zelaian dagoen zedro izugarriaren gerizpean, Turismo Departamentuak antolatutako bazkariaz gozatu zuten: ogitartekoak, fruta eta jogurtak.
Bazkalostean atseden hartu eta gero, goizean entzundako azalpenen gaineko galderak egin zizkieten Jauregiaren ondoan. Galderek honako gaiak jorratu zituzten: natur guneak, Parkea eta bere ingurua, natura ingurunea, eta abar. Fermin Olabek lehen ariketa hau gauzatzeko argibideak eman zizkien. Ondoren, bigarren ariketa azaldu zien: gazteek Parkeko zeinahi objektu marraztu behar zuten.

Espedizionarioek galderen erantzunak eta marrazkiak arratsaldeko 6:30ak baino lehen entregatu behar zituzten. Galderak zuzendu zituzten eta, marrazkiei dagokienez, Ingurumen Departamentuko teknikariek zein Ruta Quetzaleko margolanetan adituez osaturiko epaimahaiak puntuak jarri zizkieten.

Ondoren, Jesus Garrido aitak borondatezko meza eman zuen Parkeko kaperan.
Arratsaldeko 7:30etatik aurrera Ingurumen Departamentuak gaztazko, txistorrazko eta txokolatezko Zubietako taloak eskaini zizkien afaltzeko aparkalekuaren ondoko zelaian. Une horretan bertan taloak egiteko prozesua irakasteko tailerra egon zen. Tailerrean hainbat espedizionariok hartu zuten parte.


Afalostean lehiaketaren sari-banaketa egin zen. Saria Parkeko logotipoa (Likidanbarraren hostoa) zuen eskumuturreko erlojua izan zen.



Gauean kanpamentura itzuli ziren eguneko azken ekintzari ekiteko. Taldeka basora joan ziren saguzarrak soinu-detektagailuaren bidez bilatzera. Bide batez, animalia horien ohituren gaineko hitzaldia entzun zuten.
Ariketa amaitzean, nekeziak gain hartu zituen eta Bertizko basoren babesera lo egitera itzuli ziren.
Uztailak 17
Aurreko egunean bezalaxe, goiz jaiki, dutxa hartu eta Ingurumen Departamentukoak zain zituzten gosari gozoa eskaintzeko: esnea, txantxigorri opilak eta ogia.
Ekipoak eta instalazioak jaso ondoren, Parkea atzean utzi eta Zigara abiatu ziren.
Natur Parke honetan lan egiten dugun guztiontzat esperientzia zeharo aberasgarria izan da. Ibilbide horren antolatzaileek datozen urteetan Bertizekin gogoratzea espero dugu. Hurren arte, espedizionarioak!
PINTURA ERAKUSKETA
Uztailaren 21etik irailaren 3ra, erakusketa aretoan, Antonio Laitaren pintura erakusketa egonen da ikusgai, astelehenetik igandera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era.
Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundeak antolatutako erakusketa, Cultur kultura hedapenerako programaren barruan






